XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondarea eta tokiko garapena: zendako eta nola ondarea zaint eta balora?

Frantzian, urtero ospatzen dira ondarearen egunak larrazken hastapenean.

Aurten, Euskal Kultur Erakundeak ere, irailaren 17an, Donibane-Garazin, gogoeta arrats bat antolatuko du, gaia izanen delarik: nola eta zergatik ondarea zaint eta balora? Kezka hori, sekula baino gehiago gaurkoa baita...

Eta lehen lehenik hautetsien baitan da arrengura hori agertzen.

Berrikitan, herriko etxe batzuek Euskal Kultur Erakundeko Ondarearen Batzordeko kideeri galdatu diete nola jokatu behar den eraikuntza gerizatu batzuen zaharberritzeko.

Denek badakigu bereziki herri ttipietako diru iturriak frango murritzak direla, eta kontserbatze lanetan hasiz geroz, gastuak laster eginak direla...

Horra zergatik hautetsiek nahi duten ondarea egiazko tresna baliagarri bat izan dadin, tokiko bizimoldearen zerbitzurako.

Alabainan kultura eta ekonomia elgarri uztartuz anitz bagenuke irabazteko.

Dudarik gabe ondareari baliabide berriak asmatu behar dizkiogu, dela kultura, ekonomia eta sozial sailetan, ondarearen zeregina edo funkzioa gaurkoari egokituz.

Ondareaz arduratzen diren profesionalak ere (bai erakunde bai elkarteetakoak) gogoetatzen dira kontserbatzearen zergatiaz.

Kontserbatu edo zaindu bai, bainan zein helbururekin? Dena kontserbatu behar ote da? Eta muga batzu ezartzekotan, nork eginen ditu hautu erabakikorrak?

Hautetsiekin batera baina maila desberdin batean, ondarearen kontserbatzeak arrenguratzen ditu ere Euskal Herriko asko elkarte kide eta kulturzale.

Gai minbera da, batzutan kasik aipa ezina, eta hori frango arrazoinengatik...

Hain segur beste eskualde batzuetan ez bezala, hemen, ondarearen baitan sartzen dugu hizkuntza, halaber kantuak, ipuinak, dantzak, antzerki eta musika adierazpenak.

Badu beraz gure ondareak biziaren mitxa, mogimenduan den zerbait delakoz.

Ondare horren kontserbatzearen aipatzeak jendea izitzen du, bizi den zerbait ehortzi nahi balitz bezala.

Jendeen izpirituan kontserbatzeak erran nahi du ere ondarearen zaharberritzea eta beraz balorean ezartzea.

Eta ondorioz balorapen hortaz nor edo nor balia daitekeela, turismo argitu baten aitzakian, ondarearen industria bat eraikitzeko.

Horrek ekartzen baititu nahitez herritarren artean tirabira eta haserreak.

Bestalde, erran behar da ere, adin batetako jendeentzat, iragan denbora oroitarazten dizkieten lekukoak (eraikuntza zaharrak, hizkuntza) ez dituztela hainbat gogoko, hain xuxen, haiengatik batzutan pairatu baitzuten.

Ez dezakete beraz konpreni zergatik orain atxiki eta goraipatu behar diren.

Bururatzeko, derragun ondarearen kontserbatzeak eta baloratzeak galdera batzu sortzen dituela bai ekonomia, ideologia eta kultura mailan eta ez gaitezkeela horietaz gogoetatu gabe egon.

Donibane Garazin antolatuko dugun solasaldiak egiazko eztabaida bat sortu nahi luke.

Izan zaitezen hautetsia, erakundeetako edo elkarteetako kidea, Euskal Kultur Erakundeak zuharki gomitatzen gogoetaldi horretan parte hartzera...